XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasteko egingo al duzu zeure aurkezpena? Magisteritzan egon zinen, Lizeoan, ordutik honako saltoa....

Bueno, jaiotzaz Goiherriarra naiz eta euskararen lanetan, euskal munduan betidanik aritu naiz, neska koskorretatik.

Familia abertzale eta oso euskalzalean jaiotakoa naiz eta euskararekiko sena eta maitasuna etxetik datozkit.

Hortan oso arretatsuak izan ginen eta hori zor diet etxekoei.

Gainera gertatu izan zait ba euskaltasun horregatik zenbait harreman egiteko aukera izan genuela neska koskorretatik eta behar bada gehiegi konturatu gabe, baina gero konturatzen zara ze jende ezagutzeko aukera izan duzun etxeko sukaldean....

Herriko eskolan ibili nintzen eta Batxillerra berandu samar egin nuen, orduan oso zaila zelako, ez zegoen gaurko aukerarik.

Ondoren magisteritza ikasi nuen.

Hau bukatu eta Filosofia eta Letrak, Filologia Erromanikoa.

Magisteritza egiten ari nintzela Donostian, Zeruko Argiako idazle izan nintzen.

17 urterekin hasi nintzen, Emakumearen Jasokundea izena zuen sailean, 65-66 inguruan.

Lotsa ematen zidan gauzak neure izenez izenpetzea eta Miren Olarreaga sinatzen nuen.

Gero, lotsa galdu edo segurtasun gehiago hartu nuenean, neure izenez izenpetzen hasi nintzen eta Gazte Naizeko lankideekin, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Toledo, Mikel Lasa... Oso garai aberatsa izan zen hori, oso-oso aberatsa, pentsatuko duzue gutxi gora behera ze bitartekorekin eta nola iharduten genuen baina nik gogo onez gogoratzen dudan zerbait da, nahiz eta oso gogorra izan.

DONOSTIAN MAGISTERITZA EGITEN ARI NINTZELA, ZERUKO ARGIAKO IDAZLE IZAN NINTZEN.

17 URTEREKIN HASI NINTZEN EMAKUMEAREN JASOKUNDEA IZENEKO SAILEAN.

LOTSA EMATEN ZIDAN NEURE IZENEZ IZENPETZEA ETA MIREN OLARREAGA SINATZEN NUEN.

Urte beretsutan hasi ginen Rikardo Arregiren gidaritzapean alfabetatze euskalduntze lanak antolatzen.

Aurrenengo ikastaldia esate baterako, Donostiako kontserbatorioan eman genuen, oker ez banago 1.966-ko irailean, eta gero, urte horietan baita ere, herriz herri ibili ginen hitzaldiak ematen eta abar....

Baita ere urte horietan, oso gogo onez gogoratzen dut Andereñoen Residentzia, Karlos Santamariak, Pakita Arregik eta beste hainbat pertsonak sortua, zera, orduntxe indartzen ari ziren ikastoletako andereñoak prestatzeko egina.

Nola izena zuen erresidentziak? Residentzia esaten genion, Andereñoen Residentzia, ez zuen beste izenik, ez zuen izen propiorik.

Gainera zera zen, pentsatuko duzue, ezkutuan eta Magisteritza eskolan ez genuen sekulan esango ze asmorekin ari ginen, beldurrez.

Euskara eskolak eta hor ematen zizkiguten eta, egia esan, nik uste dut oso garrantzizko ekintza izan zela.

Ni erresidentzia hortara 1.964-ean joan nintzen, ireki zen egun berean, 64.go Urriaren 6an, beraz orain dela 24 urte.

Garrantzi haundiko garaia izan zen hori, esate baterako ikastolak indartzen ari ziren, oso gogoz gogoratzen dut esate baterako aurreneko Euskal Udalekua, erresidentzian zeudenentzat-eta.

Barrian antolatu genuen, bete betean militantzia lana zen, bestela ezin zitekeen egin.

Hori, 17 urte izatean ezta ez muga, ez traba eta ez ezer.

Orduan hasi nintzen Sto. Tomas Lizeoan lanean, 1.965-66 ikastaroan 1.go Batxilergokoei euskara ematen, ez apunte eta ez ezer.

Urte horietan Filosofia eta Letrak egiten hasi nintzen EUTGn eta aldi berean euskara klaseak ematen, eta berehalaxe Lizeoa utzi egin nuen.

Berriro Lizeora itzuli nintzen eta bertan urtetan aritu naiz, 1.970ean hasi eta 1.979ra bitartean.

Hor denetik egin dut, Batxillerrean, Oinarrizko Heziketarakopean, Eskolaurrean haur erdaldunekin ni izan nintzen esperientziari hasiera eman ziotenetarikoa eta beno, Lizeoko garai hori ere oso berezia izan zen.

Ondoren Magisteritzara pasa nintzen 79.ean; ordurako Doktoretza egiteko asmoa buruan nuen, ezkondu ere egin nintzen, seme-alabak banituen eta Magisteritzara pasa nintzen urte berean Doktoredutzari bete-betean ekin nion.

85ean defenditu nuen Estrasburgon; ikastolen historia eta garapena aztertu nituen tesian.

Doktoredutza bukatu eta ustekabean hona deitu ninduten 4 hilabeteren burura eta orduz geroz, 85eko Uztailaz geroztik hemen nago, Idazkaritzan.

Aurreko garaiak oraingoak baino gehiago gogoratzen dituzu.

Nahiko aldea badago ordutik hona, ezta?.

Bai, aldea izugarria da. Nik behin eta berriz esaten dut, esate baterako gaur egun sekula izan ez ditugun bezelako bitartekoak ditugu hizkuntzaren alde erabiltzeko.

Hori halaxe da; nik askotan pentsatzen dut Sto. Tomas Lizeoan klaseak ematen hasi nintzenean ezer ez nuela eta gaur esate baterako, zorionez, gure Ikastoletan eta eskoletan ikusi zenbat testu liburu, zenbat metodo, zenbat bitarteko, eta gainera oso kalitate onekoak asko, sortu zaizkigun.

Aldaketa izugarria da. Guk Xabiertxo irakurri behar izaten genuen behin eta berriz, ia beste ezer ez zegoelako.